Euskara Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordoki jaunak 2019 urtean euskara-sailak egin duen diru-laguntza deialdia aurkeztu du. Guztira sei diru-laguntza lerro aurkeztu ditu eta horietarako, 67.260 € daude onetsita.
Deialdi bakoitzaren baldintzen eta eskaera-orrien berri nahi duen orok Udalaren webean du informazio guztia edo bestela Euskara-zerbitzurarekin jar daiteke harremanetan, telefonoz (943376184) edo emailez (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.).
a) Euskara ikasleek bekak eskatzeko aukera orain.
2019-20 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete Udaletik. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera.
Udalak onetsita duen irizpideari jarraituz, Euskara Batzordeak %85a arteko bekak eskainiko ditu. Beka jasotzeko, Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta egindako ikastaroan gutxienez % 85eko asistentzia bete behar da. Diruz lagunduko diren ikastaroak hauek dira: euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa, gutxienez 80 ordukoa (autoikaskuntzakoak ere bai), barnetegia, gutxienez hilabete segidan baldin bada, eta, udako ikastaroak, ikasturtean zehar aurreko ikastaro-mota horietako bat egin duten ikasleen kasuan.
b) Unibertsitateetako udako ikastaroak.
Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuak direnek, berriz, aurtengo udan unibertsitate bateko uda-ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu, egoitza, garraio eta antzerako gastuak ez ditu estaliko.
Kasu honetan ere, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
c) Aisiako begirale eta zuzendariak.
Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatzen duten herritarrek, matrikularen % 50 arteko (250 euro gehienezko kopurura arte) beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.
Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 €koa izango da.
Batzuen zein besteen kasuan, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
d) Gidabaimenaren atala teorikoa
2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu dutenek hartuko dute parte Buruntzaldean zozketatuko diren 10 sarietan. Lasarte-Oriak sari bat emango du, baimen teorikoaren matrikularen balio bera izango dutenak, gehienez 400€. Zozketako 2021eko urtarrilean egingo da.
e) Enpresetako eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko diru-laguntzak.
Laguntza-gaiak hauek izango dira: errotuluak (nagusia eta bestelakoak), kostuaren %50 (300 € gehienez); irudi korporatiboa, kostuaren %50 (200 € gehienez); web-orriak, kostuaren %50 (gehienez 450 €); enpresan euskararen erabilera normalizatzen lagun dezaketen programa informatikoak, kostuaren %50 (gehienez 200 €) eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa, kostuaren %50 (gehienez 300 €).
Aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko dira eta eskaerak ere epe horretan zehar egin ahal izango dira, beranduenez urriaren 31n.
f) Baietz gurean! egitasmoa.
Izen hori du Buruntzaldeko udalerrietan dauden hamar langile baino gehiagoko enpresetako jarduerak euskalduntzeko laguntzak ematea helburu duen programak.
Enpresa batek Baietz gurean! egitasmoan parte hartzea erabakitzen duenean, Udalak enpresari neurketa egingo dio eta 100 puntuko tarte batean kokatuko du. Puntu-tartea adierazteaz gain, enpresari proposatzen dio zein neurri har ditzakeen hurrengo puntu-tartera pasatzeko.
Jauzi hori Udalak 1. neurketatik urtebeteko epean egingo duen 2. neurketa baten bidez zehaztuko da eta horren arabera emango dio, gainditutako tarteen arabera diru-laguntza: 0-100 puntu-tartetik 401-500 puntura arteko tarte bakoitzarengatik 700€; 401-500 puntu-tartetik 701-800 puntura arteko tarte bakoitzarengatik, 500€; eta 701-800 puntu-tartetik 901-1.000 puntura arteko tarte bakoitzarengatik, berriz, 300€. Sistema hau, Eusko Jaurlaritzak esleitzen dituen Bikain ziurtagirien sistemara egokituta dago.
Informazio gehiago:
http://www.lasarte-oria.eus/eu/-/euskera-saileko-diru-laguntzak-2020an